Liburuen Altxorra

Galtzagorri Elkarteak burutzen duen egitasmo honen helburua eskola txikietako haurren irakurtzeko zaletasuna sustatzea da, horretarako euskarazko kalitatezko liburuak baliatuz.

 

Honetarako, Galtzagorrik urtero liburutegi gurpilduna prestatzen du. Gurpildun kutxa handi batean 0 eta 12 urte bitarteko haurrentzako Euskal Haur eta Gazte Literaturako 130 liburutik gora biltzen dira, urtero berrituz eta azken urteko nobedadeak sartuz.

 

Gurpildun kutxa ibiltaria eskolaz eskola bidaiatzen da. Kutxa irekitzean Galtzagorriko aditua den Imanol Mercerok liburuen gaineko dinamizazio saio bat egiten du: liburuak aurkeztu, kontakizun txikiak egin, poesia jokoak burutu, album ilustratuak ikusi... ondoren kutxa hori hilabete batez izaten da eskola txiki bakoitzean, haurrek bertako apaletako liburuez gozatu dezaten beste edozein liburutegi izango balitz bezala. Irakurtzea ondo pasatzearekin lotu nahi da ekimen honen bidez.

 

Hilabetez kutxa eskolan izan ostean, dinamizatzailea eskolara itzultzen da kutxaren bila eta haurrekin hilabete horretan egindako irakurketak partekatzeaz gain, beste kontakizun edo irakurketa batzuk eskaintzen dizkie.  Segidan, kutxak bere ibilbideari ekingo dio eta beste herri batera joango da, beste eskola batera, beste ikasle batzuek kutxaren altxorraz goza dezaten.

 

HAUR ETA GAZTE LITERATURA