BIZIKASI

  1. Bizikasi ekimenak lagundu nahi du ikastetxeak elkarbizitza positiborako espazio seguruak bilakatzea, hau da, inolako jazarpen-egoerarik onartuko ez dutenak. Izan ere, hori lortzea ezinbestekoa da hezkuntza sistemaren xede nagusia betetzeko: ikasle guztien garapen pertsonalean lagundu eta konpetentziak eta tresnak ematea herritar aktibo eta arduratsu gisa parte har dezaten gizartean.

    Hori dela eta, Bizikasi ekimenak ikastetxe bakoitzean BAT (Bullyingaren Aurkako Taldea) egitura sortzea ebazten du, lau kidek osatua: ikastetxeko zuzendariak, ikasketaburuak, aholkulariak eta bizikidetza-arloaz arduratzen den irakasleak. Talde horrek koordinatuko du jazarpen-kasuak ebazteko prozesua, eta beronek gidatuko ditu, Bizikidetza Behatokian jasotako iradokizunak aintzat hartuta, ikastetxean bizikidetza positiboaren esparruan garatu beharreko ekintzak.

  2.  

  3. LOTURAK:

  4.  

  5.    ⇒ BIZIKASI

  6.  

  7.    ⇒ AURKEZPENA FAMILIENTZAT 

  8.  

DINAMIKA KOOPERATIBOAK

Jarrera kooperatiboak garatzea beharrezkoa da gaurko gizarterako, elkarlanean eta elkarreraginean egindako planteamenduek indartu egiten baikaitu. Ikasturtean zehar adin desberdinetako ikasleen arteko dinamika kooperatiboak antolatzen ditugu, Paco Casconen "Jolasaren Alternatiba I" eta " Jolasaren Alternatiba II" liburuak oinarri hartuta. 

 

Kooperazio hau ikasgela eta herria elkartuz ere egin nahi dugu. Herritarrekin, auzokideekin, familiekin ere kooperatzeko eta interazkioa sortzeko moduko bideak bilatzen ditugu. Ikasketa prozesuan familiaren eta herritarren parte hartzea bultzatzen dugu (geletara etorriz, galdekizunak betez, beraien jakinduria azalduz ...).  Era berean egiten ditugun lanak ikas komunitateari eta herriari zabaltzeko ahalegin berezia egiten dugu (komunitateari aurkezpenak eginez, erakusketak planteatuz,  herriko aldizkarian publikatuz, irratia erabiliz...).

 

GORPUTZALDIAK

Gaitasun sozioafektiboak mugimenduzko dinamiken bitartez lantzeko material pedagogikoa da. 

 

Gaitasun sozioafektiboek gure buruaren ezagutza, gure buruarengan eta besteengan dugun konfiantza,  gatazken ebazpena, pertsonen arteko harremanen hobekuntza, komunikazio asertiboa etab. sustatzen dituzte. Halaber, autokontzientziazko egoerak sustatzen dituzte, hala, gainerako pertsonekiko enpatia sentitzeko, erabaki arduratsuak hartzeko edo jokabide arriskutsuak saihesteko, besteak beste. Horrelako abileziak ez dira jaiotzetikoak, ikasi eta garatu egiten dira, eta, giza garapenaren dimentsio oro bezala, denborak aurrera egin ahala bilakaera izaten   dute. Beraz, ezinezkoa da horiek bat-batean irakastea edo garatzea, eta, abilezia intelektualen antzera, etengabe akuilatu behar izaten dira, garapen handiagoko etapetarantz gara daitezen.

 

Proiektua honako gaitasun sozioafektibo hauetan ardazten da:

ENPATIA, KONFIANTZA, INTEGRAZIOA, AUTOKONTZIENTZIA, ASERTIBOTASUNA, ELKARREKIKO ERAGINA, ZENTZUMENEN BIDEZKO PERTZEPZIOA, ARRETA ETA EMOZIOAK.

 

HEZKIDETZA


 

Azken urteetan aurrerapauso handiak egin badira ere, ikerketek erakusten digute nesken eta mutilen arteko harremanek asimetrikoak izaten jarraitzen dutela, eta egoera asko abusuan oinarrituta daudela; gaitasunak, trebetasunak eta bizitza-proiektuak generoarekin loturik daude oraindik; curriculum-edukietan, emakumeen ekarpenak ez dira ikusten, eta sexismoa eta genero-indarkeria nerabeen eta gazteen bizitzen garapenean eragiten ari diren errealitateak dira.

 

Alkizako Eskolak honako erronkei aurre egiteko borondatea dauka:

 

  • A. Hezkidetzan oinarritutako eskolaren eredua sakon aztertzea, eta genero-ikuspegia ikastetxeetako kultura eta praktiketan sartzea planteamendu integral batez.

  • B. Ikasleak orientatzea, bizitzan, ikasketetan eta lanbidean bidea aukera dezaten, askatasuna eta aukera-aniztasuna errespetatuz eta genero-baldintzapenik gabe.                                                

  • C. Genero-ikuspegia eskola-porrotari aurre egiteko ekimenetan sartzea, eta hezkuntza jasotzeko eskubidea benetan unibertsala dela ziurtatzea,          bai eta neska eta mutil guztiek hezkuntza sisteman jarraitutasuna izan dezaten bermatzea ere, ikasle guztien aniztasuna aintzat hartuta.